lunes, 11 de enero de 2010

ARGUDIO TESTUAK

ABORTOAREN LEGEZTAPENA:


“Gure gorputzen jabe izateko eskubidea, amatasunari buruz libreki erabakitzeko eskubidea, amatasun librea eta desiratua” leloarekin defendatzen ditugu emakumeok gure eskubideak. Hauei indarra eman beharrean gaude, entzun gaitzaten, errespeta ditzaten gure erabakiak.

Gaur egungo legediak sustatzen du, haurdunaldiaren borondatezko etenduraren pribatizazioa eta bide batez, atentzio ginekologiko orokorragoarena. Haurdunaldiaren etendura ia ez da zentro publikoetan praktikatzen eta, horrela, pribatuen esku geratzen da.
Datuek erakusten duten moduan, kasuen %3an soilik zentro publikoetan egiten da. Bestalde, Autonomi Erkidego askotan, aldiz, ez da zentro publikoetan egiten, kasua edozein izanik ere. Adibideei erreparatuz, Nafarroa kasurik larriena litzateke, ezin baita haurdunaldiaren etendurarik egin osasun publikoetan ezta pribatuan ere.


“Nire gorputza nire da” lema historikoa defendatzeko beharrean gaude emakumeok. Norberak bere eskubideak defendatzeko aukera izan behar badu, emakumeok ere bai. Abortatzeko eskubidea izan behar dugu, gure gorputza da eta inork ez digu eskubide hori ukatu behar. Egokia izango litzateke haurdun geratzea, dirua, gaztetasuna edo dena delakoarengatik ume hori zaintzeko gai izango ez bagina?
Egia da, gaur egungo gazte askok ez diotela gai honi behar bezalako garrantzia ematen eta antisorgailuak alde batera uzten dituztela. Hori horrela izan arren, gure gorputzaren eta sexualitatearen jabe izaten jarraitzen dugu. Gure ugalketaz erabakitzeko eskubidea izan beharko genuke, argi eta garbi. Lehengo hariari jarraikiz, gizarte honetan ikusten dudana da arduragabetasun hutsa gazte askoren aldetik, eta gehienbat, mutilen aldetik. Badirudi modan jarri dela antisorgailuak ez erabiltzea, erosotasuna dela eta, gehienbat. Ez dute pentsatzen zerbait gerta daitekeela hori eginez gero eta datozen ondorioak ikusterakoan, orduan bai kezkatzen direla.
Neurriak lehenagotik hartu behar dira, ez du balio zerbait gertatuz gero kezkatzea, pentsatu behar dira gauzak egin baino lehen.


Baina behin neskaren bat haurdun geratuz gero, bere ugaltze-eskubideak errespetatu behar dira, eta honen barruan hainbat eskubide sartzen dira. Hala nola, emakume bakoitzak bere gorputza eta bere ugalketa bizitza kontrolatzeko dituen eskubideak, erabaki horiek aurrera eramateko baliabideak izateko eskubidea, derrigortzerik eta bortizkeriarik gabe, seme-alabak eduki nahi dituen edo ez, zenbat eta zergatik erabakitzeko eskubidea, eta haurdunaldian eta erditzean, laguntza egokia izateko eskubidea. Eskubide hauek gureak dira eta ez beste inorenak.


Manifestapen ugari egin dira bai abortuaren alde, bai abortuaren kontra. Nire aburuz, eta telebistan, egunkarietan… ikusten den bezala, abortuaren kontrako manifestazioetan gehienbat haurrak erabili dituzte beraien lemak aldarrikatzeko. Haur horiek ez dakite zer ari diren defendatzen, ez dakite zer den abortua, ez eta horren alde edo kontra dauden ere. Beraz, lotsagabea iruditzen zait ume txiki horiek beren gurasoen iritziak defendatu behar izana kartel batzuk eramanez, ez direlakoz jabe oraindik egiten ari direnaz ohartzeko.


Amaitzeko, testuan zehar defendatzen saiatu naizena, berriro ere azpimarratuko dut. Emakumearen gorputza emakumearena da, ez beste inorena. Norberaren eskubideak errespetatu behar dira eta horien artean, abortatzeko eskubidea. “Nire gorputza nirea da”. ABORTUA LEGEZTATU BEHAR DA.


________________________________________________________


GURASOEKIN BIZITZEA 25 URTEREKIN. EROSOTASUNA NAGUSI?


Gaur egun, etxebizitza eskuratzea ez da gauza erraza. Prezioak oso altuak dira eta gazteek, duten soldatarekin, ezin diete etxebizitza batek ditun gastu guztiei aurre egin. Bestalde, lana aurkitzea ere nahiko konplexua bilakatu da azken urteotan eta beraz, diru askorik ez dago etxe bat erosteko edota alokatzeko.
Baina ez naiz diruak dakarren arazoei buruz mintzatuko, baizik eta gurasoen etxean bizi diren gazteei buruz, hain zuzen ere, erosotasunagatik gurasoen etxean bizi direnak.


Gazte askok eta askok erosotasuna dela eta erabakitzen dute gurasoen etxean bizitzen jarraitzea. Ez dute bakarrik bizitzeko gogorik. Betidanik oso eroso bizi dira gurasoen etxean, gehienak ezer egin gabe eta hori horrela jarraitzea nahi dute. Beti etxera ailegatu eta bazkaria prest, mahaia jarrita, arropa lisaturik, logela ordenatua... Zergatik joan beharko dira beste leku batera bizitzera horrenbesteko erosotasunez haien gurasoen etxean bizi badira?
Badirudi gurasoak haientzako zerbitzariak direla eta guraso batzuk ere, haien semeekiko dependentzia dute. Berdin zaie zerbitzari lana egitea, baldin eta beren seme-alabak beraiekin geratzen badira, besterik gabe, bakarrik sentitzen direlako eta laguntza nahi dutelako.


Badira gazteak, eta ez hain gazteak, beren gurasoekin bizitzea asko atsegin dutenak. Ez nuke esango erosotasunaren arrazoia nagusi denik, baizik eta gurasoekiko maitasuna hain dela handia, non ez dira haiengandik aldendu ere egin nahi. Maitasun hori jakina ona da, baina nire ustez, bakoitzak bere bizitza eraiki behar du, eta horretarako, gurasoekin bizitzen jarraitzeak ez du lagunduko.


Nire etxe azpian bizi da emakume zahar bat bere semearekin, 40 bat urte ingurukoa. Gizon hura ikusi nuen lehenengo aldia, hasieratik nabaritu nuen bere amarekin bakarrik bizi zela. Egia da elkarrekin askotan ikusi nituela, baina aurpegian ez du irribarre bat izan, gutxienez 20 urte zituenetik. Ez du apenas jendea agurtzen eta oso serio eta goibel dabil beti. Nire aburuz, hori da, bere amarekin bizitza osoa daramalako eta ez delakoz zoriontsua. Bere gurasoekin bizi diren 25 urte gorako gazteei, denbora pasa ahala, islatzen zaie aurpegietan tristura, goibeltasuna, zoriontasun eza… nik ikusi ditudan kasuetan, behintzat.


Emantzipatzea, nik uste dut funtsezko gauza dela. Diruaren arazoei aurre egiteko gai ez diren gazteen egoera ulertzen dut, bai eta batzuen erosotasuna ere. Baina nik beharrezkoa ikusten dut emantzipatzea, norberaren bizitza eraikitzea. Bizitza berria eraikitzerakoan, bai bikotearekin edo bai bakarrik, askatasun horren premia izatea ezinbestekoa iruditzen zait, ikasi behar dugulako gure kabuz gauzak egiten.

________________________________________________________


FUTBOLA FENOMENO SOZIAL GISA:


Jokoa bezala jaiotzen da, kirol batean bihurtzen da, ikuskizun bat izatera igarotzen da eta azkenean, negozio hutsa bilakatzen da. Futbolaz mintzatzen ari naiz bai, hain zuzen ere, historiako fenomeno soziokultural garrantzitsuenaz. Urteak pasa ahala, futbola fenomeno soziala bilakatuz joan da. Espainiaren kasuan, esaterako, nahiz eta beste kirolek garrantzia izan, futbola da fenomeno sozial indartsuena.


Komunikabideetan egunero agertzen da futbolarekin zerikusia duen zerbait, baina ez zaigu kirola bezala bakarrik azaltzen, baizik eta fenomeno sozial gisa. Espektakulo hutsa bilakatu egin da, eta jada, gure munduaren barruan beste mundu berri bat sortu da, futbola izenez ezagutzen dena.
Egunkariei dagokienez, guztietan kirol sailek egunkariko orri kopuru handia hartzen dute eta kontuan hartu behar da orri horietatik %90an futbolaz mintzatzen direla eta beste kirolak baztertzen dituztela. Beraz, ikus dezakegu futbolaren garrantzia komunikabideetan oso handia dela, bai irratian, bai telebistan eta baita egunkarietan ere.


Gizon gehienen kasuan, haien arteko elkarrizketen gai nagusia futbola izaten omen da. Futbolak itsutu egiten du jendea, une oro, bai elkarrizketetan, bai telebistan ageri baita futbolaren inguruko edozer gauza eta batzuentzat droga modukoa da. Larunbat edo igande batean tabernara sartuz gero, ikus dezakegu gizon asko telebistan botatzen ari diren partidua ikusten, ia-ia begiak kliskatu gabe pantailari so. Badirudi futbolak jendea zonbi bilakatzen duela. Ez al gara konturatzen dena ikuskizun hutsa dela?


Aipatzekoak dira ere, futbolaren inguruan jarraitzaile desberdinek sortutako taldeak. Hauek, haien futbol taldea une oro sutsuki defendatuz gain, haien ideologia politikoak aldarrikatzen dituzte. Gauza hauek burutzeko, beste taldekoen aurka borrokak eta iskanbilak sortzen dituzte. Adibidez, Real Madrilgo futbolzaleen artean, “Ultra Sur” izeneko taldea sortu zen duela urte asko. Talde honek burututako ekintzetan ez da bakarrik futbol-zaletasuna ikusten, ideologia nahasirik ageri zaigu eta. Nire ustez, haien helburu nabarmenena izango litzateke hauen ideologia, nagusi bihurtzea.


Laburbilduz, fenomeno soziokultural honek itsutzen gaitu. Milioiak eta milioiak ordaintzen dituzte futbol taldeek jokalariak erosteko. Milioiak baloi bati ostikoak emateagatik?
Pobrezia geroz eta gehiago zabaltzen ari delarik, normala al da jokalari horiek hainbesteko dirua irabaztea ezer ez egiteagatik?
Ez da batere normala, baina jendeak futbolarik gabe ez du etorkizunik ikusten, oso tristea benetan. Azken finean guk geuk futbola fenomeno sozial gisa handitzen dugu etengabe, futbola jende askoren bizitzetan zati handi bat hartzen du eta.

________________________________________________________


HEZIKETA SEXUALA ESKOLETAN:


Ezer baino lehen, azpimarratu behar dut heziketa sexualari eskoletan ez zaiola garrantzirik ematen. Hori arazo larria dela diote batzuk, baina beste batzuk, ordea, alde batera uzten dute eta azkenean, heziketa sexuala harri baten azpian geratzen da. Ez al dauka heziketa sexualak garrantzirik? Nork erakutsiko die gure seme-alabei zer diren harreman sexualak edota nolakoa den sexualitatea?
Heziketa sexuala eskoletan ez da bere osotasunean ematen eta gutxitan irakasten zaie ikasleei zertan datzan heziketa hori. Bertan, gai aunitz aurki ditzakegu; hala nola, sexua, sexualitatea, maitasuna, har eta besteei pasa daitezken gaixotasunak… Baina badirudi ez gobernuak ez familiek ez diotela heziketa honi behar duen garrantzia ematen, lotsagarria benetan.


Eskolek Osasun Zentroekin dituzten harremanak oso eskasak dira edota batzuetan ere ez dago inolako harremanik. Egon nintzen ikastetxearen adibidea jarriz, oker ez banago behin hitz egin ziguten sexu-harremanei, sexualitateari… eta horien inguruko gauzei buruz. Behin, ez dut gogoratzen institutuko ze mailan geunden, “Cofes”era eraman gintuzten. Bertan sexu-harremanei buruz, antisorgailu desberdinei buruz… mintzatu ziren. Baina bisita horrek bi ordu eskas iraun zuen, ez genituen beharrezkoak liratekeen gauza guztiak ikasi. Nire ustez, ez da nahikoa egun batean pare bat orduz horrelako zentro batera eramatea, hori eskolan etengabe irakatsi behar den zerbait dela uste dut.


Ezin dugu heziketa sexuala alde batera utzi eta itxaron beraiek bakarrik zertxobait ikasi arte. Noski gauzak ikasiko dituztela beraien kabuz edo lagunek esanda, baina benetako heziketa behar dute, pertsona heldu eta jakintsu batek gidatua. Beraz, gauza asko geratzen dira ikasi gabe heziketa bat ematen ez bada, eta ondorioak larriak izan daitezke. Gazte askok oso goiz hasten dira sexu-harremanak izaten eta ez dutenez ezagutza handirik gerta daitekeenari buruz, neska asko haurdun geratzen dira oso gazte direnean. Beste gazte batzuk, IHESA delakoa hartzen dute transmisio sexualaren bitartez.


Lehen esan bezala, heziketa sexuala eman behar da, baina ez du balio egun batean soilik zentro batera ikasleak eramatea zertxobait ikas dezaten. Larria iruditzen zait gobernuak horri kasu ez egitea, baina larriagoa oraindik ere familiek behin eta berriro horren inguruko gaiak ekiditen aritzea. Gurasoek ere irakatsi behar diete haien seme-alabei horrelako gauzak, ez dute itxaron behar norbait etortzea eta erosotasunagatik hark heziketa sexuala ematea.


Gertatzen dena da, gurasoek ez dakitela nolako erantzunak eman behar zaizkien ikasleei heziketa sexualari lotutako galderen aurrean, eta azkenean, askok heziketa hori alde batera uzten dute eta beste batek heziketa hori emango dielako esperoan geratzen dira. Ez dira konturatzen gobernuak heziketa sexuala bultzatzeko eta gehiago zabaltzeko laguntzak jartzen ez dituen bitartean, gurasoak izan behar direla haien umeek egiten dituzten galderen erantzule.


Ez al gara konturatzen heziketa sexuala eskoletan bultzatu beharra dagoela eta ez dugula baztertu behar?

No hay comentarios:

Publicar un comentario