lunes, 11 de enero de 2010

NARRAZIO PERTSONALAK

BART IZAN NUEN AMETSA:


Iratzargailuak etengabe errepikatzen du hainbeste gustatzen zaidan melodia alaia. Ohetik ezin altxatu, sentsazio arraro batek ez dit ezertan pentsatzen uzten. Zergatik ote dudan sentsazio hori galdetzen diot neure buruari. Bat-batean burura etorri zait bart izandako ametsa, guztiz arraroa. Hogei bat urteko neska nintzen eta nire lantegiko nagusiak langile batzuk hautatzen zituen Australiara negozio-bidaia egiteko. Hautatutako pertsona horien artean, ni nengoen. Hasieran oso urduri jarri nintzen, beldurra ematen zidalako hegazkinean bidaiatzea. Bidaia hilabete bat barru burutuko zen eta geroz eta ilusio handiagoa nuen. Bizitza osoan ez nintzen hiritik atera, lana zela eta beti han geratu behar izan nintzelako.


Australiara joateko eguna iritsi zen azkenean eta jada prest nengoen bidai hura burutzeko. Nire gurasoekin eta lagunekin egon ondoren, aitak aireportura eraman ninduen. Bi ordu pasa ondoren, hegazkina hartu nuen. Lankideekin batera eseri nintzen eta lasaitzen ninduten bitartean, bidaia aurrera zihoan. Bat-batean hegazkina bortizki mugitzen hasi zen eta nire gorputzean barrena ikara nagusitzen zen, geroz eta gehiago. Beldurra neukan, beldur handia. Soinuak, sufrimendu oihuak… entzuten ziren.
Ez ginen konturatzen, baina hegazkina itsasorantz abiatzen zen. Eztanda handia sortu zen segundo gutxi batzuk igaro ondoren.
Hegazkinean gindoazen bidaiari guztiak bizirik geunden eta ziztu bizian hasi ginen igeri egiten hurbil ikusten zen hondartzarantz. Ez genuen gure gorputzaren atalik sentitzen, igeri egiterakoan egindako esfortzu ikaragarria zela eta.


Azkenean, hondartzara ailegatu ginen, arnasa hartu ezinik. Guztiak etzanda geunden, gertatu berri zitzaiguna gutxinaka asimilatzen genuelarik. Zerbait pentsatzen hasi ginen bizirik iraun ahal izateko. Batzuk janari bila eta beste batzuk sua egiteko egurra hartzera sartu ziren oihanean barrena. Bestelako taldekideak, baltsa bat egiten geratu ginen bertatik alde egin ahal izateko. Ez genuen ezer egiterik lortu, beraz, gaua elkarren ondoan igaroko genuen. Gutxienez, sua egitea lortu genuen gau osoan berotasuna sentitzeko, eta, fruitu gorri, txiki eta ezezagun batzuk afaldu genituen.


Goiz lokartuko ginen, oso nekatuta baikeunden eta egiteko asko zeuden hurrengo egunean. Lokartzear nengoelarik, animalien hotsak entzuten hasi nintzen. Hasiera batean ez nien kasu handirik egin, baina hotsak geroz eta ozenagoak ziren. Ikaratzen hasi nintzen. Ordu bat barru jada ez ziren inolako hotsik entzuten, eta beraz, lokartu nintzen.
Bat –batean, norbait nire alboan zegoela nabari nuen. Ilun zegoen eta besoak mugitzen hasi nintzen ukitzeko nire ondoan zegoen hori. Zerbait iletsua ukitzen ari nintzen, zer ote? Animali basatiaren hotsak entzuten nituen hurbil, oso hurbil. Segituan den argitu zen eta pantera beltz eta handi baten aurpegia neukan nirearen kontra jarrita. Honek ahoa ireki zuen ni jateko asmoz eta jan behar ninduenean… iratzargailuaren melodia entzuten hasi nintzen, geroz eta ozenago, guztiz esnatu nintzen arte. Hau bai amesgaiztoa!!!

________________________________________________________


JAIO NINTZENEKO MOMENTUA:


Dena ilun-ilun zegoen, ez zen ezer ikusten. Ez nekien zer gertatzen zen. Zerbaitek hainbeste denbora igaro nuen gordeleku goxo eta bero hartatik atera nahi ninduen. Oihuak entzuten ziren, oihu ozenak. Norenak ote? Momentu bakoitzean beldurra sentitzen nuen, azaldu ez dezakedan beldurra. Zerbait arraroa sumatzen hasi nintzen. Zer ote?
Gutxinaka nire gordelekutik irteten hasi nintzen norbaitek bere eskuekin ateratzen ninduen heinean.


Minutuak igaro ziren eta azkenean konprenitu nuen bertatik ateratzeko momentua ailegatu zitzaidala eta esfortzu txiki bat egin behar nuela nik ere bertatik ateratzeko eta gauzak ez korapilatzeko. Argi distira gutxi batzuk ikusten hasi nintzen. Negarrez hasi nintzela gogoan dut, oso ikaratuta nengoen. Norbaitek azkar-azkar zerbaitekin estali ninduen beroa gal ez nezan eta norbaiten besoetan utzi ninduten, nire amaren besoetan. Begiak ia itxita nituen, baina, hala ere, zertxobait ikusten nuen, nire mundu berria izango zenaren zatitxo txiki bat. Ongi etorria ematen zidaten pertsonek inguratzen ninduten eta nortzuk ziren galdetzen nion neure buru txikitxoari.


Zorionaz betetako gela zen hura. Azaroaren amaiera bazen ere, eguzkiak bere poztasuna gela hartara eraman zuen. Bertara sartzen zen jende guztiak irribarre bat zeukan aurpegian, irribarre handia eta polita.
Ni jaio baino lehen igarotako orduak kontatuko ditut hitz gutxitan. Nire ama ospitalera eraman baino lehen, goiz hartan aitak nire anaia, 4 urte zituena, ikastolara eraman zuen eta segituan, nire amaren bila joan zen ospitalera eramateko. Aita eta ama urduri zeuden, haurdunaldia nahiko berezia eta gogorra izan baitzen eta beldurrez zeudelako. Egia esan, hamar edo hogei egun lehenago jaio behar nintzen medikuaren esanetan.


Goizeko 12tan jaio nintzen, badirudi presa nuela nire amaren sabeletik ateratzeko eta azkenean ez nuen arazo handirik eman. Ia 4 Kg pisatu nituen, beraz, nahiko neskatxa handia eta potoloa nintzen. Hiru ordu igaro ziren nire aitak ama ospitalera eraman zuenetik ni jaio nintzen arte, beraz, erditze nahiko laburra izan zen. Nire aita amarekin gelan geratu zen eta nire anaia klasetik atera orduko, bere bila joan zen arrebatxoa ikus zezan. Anaiak ilusio handiarekin hartu zuen nire jaiotza, ospitalerako bidean oso pozik joan zelako kontatzen baitzidan sarritan aitak. Eta horrelakoa izan zen ni jaio nintzen eguna, zoragarria eta zoriontsua.

_________________________________________________________


TXIKITAKO PASARTE BAT:


Uda zen eta egun eguzkitsu bat zetorrela ikusi nuen leihotik at. Nire amak esnatu ninduen supermerkatura joan behar zela esanez eta ea berarekin joan nahi nuen galdetu zidan. Txikia nintzenean izugarri gustatzen zitzaidan supermerkatu horietara sartzea eta hainbeste gauza, jende… ikustea eta beraz, nire amak galdetu zidanean nahiko nukeen hara joatea, baietz erantzun nion eta ziztu bizian ohetik altxatu nintzen gosaria hartzeko. Goizeko hamarrak aldera atera ginen etxetik. Oker ez banago, bost urteko neskatxa nintzen eta supermerkatura joateak zirrara sortzen zidan gorputz osotik. Gauza nahiko sinplea zen supermerkatura joatea, baina hainbesteko ilusioa egiten zidan, non egun osoan irribarretsu nengoen. Behin gosaldu nuelarik, azkar jantzi eta nire amaren eskutik heldu nintzen aparkatuta zegoen kotxeraino ailegatu arte.


Supermerkaturako bidean, nire amak gustuko nituen abestiak jarri zizkidan eta nik poztasun osoz ozen abesten nituen abestiak nire amak entzuteko.
Azkenean ailegatu ginen supermerkatu hartara. Zentro komertzial batean zegoen eta izugarri handia zen. Alde guztietara begiratzen jarri nintzen, ezin bainuen sinetsi hain handia zenik, bestelako mundua zen niretzat.
Poliki-poliki sartu ginen eta nire amak poltsikotik, erosi behar genuenaren zerrenda luzea atera zuen. Nik bitartean gauza guztiak kuxkuxeatzen nenbilen. Eskutik hartu ninduen gal ez nezan eta elkarrekin hasi ginen gurdia betetzen.
Ondoren nire amak esan zidan nengoen tokian itxoiteko, berak zerealak hartuko zituela, beraz, bertan bakarrik geratu nintzen nire ama itxoiten.


Minutuak igaro ziren eta ama ez zen inondik ere agertzen. Beldurtuta nengoen ezagutzen ez nuen toki handi hartan. Hasiera batean, lasai egoteko ahalegina egin nuen, baina azkenean urduritzen hasi nintzen. Alde batera eta bestera ibiltzen hasi nintzen, baina ez nuen ama inon topatzen. Gogoa dut birritan edo hirutan oihukatzen hasi nintzela nire ama bilatzeko asmoz, baina alferrikakoa izan zen.
Txikia nintzen eta hain handia zen supermerkatu horretan inurri txikitxo bat izango banintz bezala sentitzen nintzen. Etsipenez, negar zotinka hasi nintzen amatxorekin egon nahi nuela oihukatuz. Jende guztiak begiratzen ninduen eta ni korrika egiten hasi nintzen sarrera jartzen zuen tokira laster iristeko. Segundo batzuk pasata iritsi nintzen sarrerara. Bertan zegoen emakumeak ikusi zuenean negar asko egiten ari nintzela, galdetu zidan zer gertatzen zitzaidan eta nik, ama aurkitzen ez nuela erantzun nion. Emakumeak galdetu zidan nola deitzen zen nire ama eta esan nionean, mikrofonoa hartu eta amaren izena esan zuen nire bila sarrerara etortzeko esanez.


Minutu bat barru nire ama agertu zen, urduri, kezkaturik. Besarkada handia eman zidan ni lasaitzeko asmoz.
Pasarte hau gogoratzen dugun bakoitzean irribarrea jartzen zaigu aurpegian eta barregura handia sorrarazten digu. Nahiz eta nire amak ez duen pasarte hau ondo gogoratzen, nik askotan gogoratzen dudan istorioa da eta ez dakit zergatik, baina asko atsegin dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario